AGENDA

Urriak 1 Plateruena Kafe Antzokia, Durango 13:00 Plateruena Kafe Antzokia
Urriak 12 Talako Kantina, Bermeo 20:00 Talako Kantina
Urriak 15 Hori Bai, Larrabetzu 18:30 horibai.org
Urriak 20 Kultur Etxeko erakusketa gela, Igorre 18:00 Igorreko Kultur Etxea
Urriak 29 Txondorra, Donostia 18:30 txondorra.net

DISKOGRAFIA

Ardatza portada

"Ardatza", 2015 | Fitxa teknikoa

Fruitua portada

"Fruitua", 2012 | Fitxa teknikoa

Estankona portada

"Estankona", 2011 | Fitxa teknikoa


Hauxe Da Gure Kantua portada

"Hauxe da gure kantua", 2016 | Fitxa teknikoa

Atera dena portada

"Atera Dena", 2008 | Fitxa teknikoa




BANAKETA DIGITALA

Bandcamp, iTunes, Spotify, Amazon.

HITZAK

ARDATZA, 2015

Goiz jaiki naiz, zain egon naiz. Ikusi nahi nuke nola aldatzen den lur zati ilun hau. Goiz, zain. Bai, unez une izarrak desagertzen. Kantu urduriak lur zatian. Begira, zerua urratzen hasi da. Ustez gautarrak ziren mamuak, ai ene... nire baitan daude.
Zintzo esaten zidan: "Sendo nahi baduzu izan asunen sustraiak jan, hostoen ura edan". Sasi azpitik joanez laino gaina ezagutzearren. Zauriak agerian, zeruaz ezin ezer esan. Horrela kolpatzen naute obsesio hauek. Kolpatzea hautatzen dut jasan ordez. Arantza nuen oinpean, olioz igurtzi zidan.
Hanka herrenak azken hitza du, noizbait "etxera jo" esango balu... Ilargiaren beste laurdenak kale zaharreko putzuetan dira distiraka. Buru hezurra barrezka dabil, ezpainak gorri ditu begiak urdin. Nire atsekabeak hala dira orain: arlekin batzuk zirku batean. Bihotz hautsiek dute atsegin dantzatzea bihotz gabeekin. Hemen denetik dama zurbila soinujolea aztoratu da. Katu bat dabil teila artean. Gaua isilik da baina bat-batean kanpandorretik norbait dabil oihuz, biharko eguna salbatu nahi du.
Harri baten azpitik irten naiz, argiak oraindik min begietan. Hazi bat dut poltsikoan, ez dakit norentzat izango den. Itzala hanketatik jaitsi da, aingeru isil bat da orain. Euriak bustiko gaitu inoiz ez bezala. Eta irribarre goxoak entzun ditut. Jolasteko makurtu naiz. Eta zer ondo... arropa zikin azkenean, munduarekin bat elkarri azkura kentzen. Arropa zikin azkenean. Zabaldu ditugu ateak.
Bat-batean dena bildu du isiltasun eztanda honek. Nota bi ditut lagun, beste inor ez dago hemen. Mirua urrun doa eginbeharra amaituta. Niri orain oinez ondo ikastea dagokit, antza. Hementxe sabaiari so, erreka bat ikusten dut. Ur garbi horietan kontu handiz sartzen ditut oinak.
Eria zaindu dut, zati hautsiak batu. Hirian itolarri zena hondartzara gidatu. Kontudun izan naiz bakarrik nahi duenaz, gau erdian deitu badit eduki nau ondoan. Askotan irribarre, noizbehinka baita negar. Ondo dakit zeri eta nori eman diodan bizkar. Tximisten jaun handi, laino artetik zabiltza. Nire erregu berri hauei ez muzinik egin. Maiz esan didate “ez duzu bera ematen”. Mundu aldakorra da hau, halaxe naiz ni ere. Dagokidan hura nahi nuke eskuetan eta zerura begiratu bake-bakean.
Hitz gabe
Hitz gabe
Desertua, luze iritzita, euriaz ahaztu liteke. Gu aldiz zure zain egon gara luzaroan orain arte. Ederra izan da nola zuk aurkitu gaituzun gu. Orain lorratzak ezabatzen behar duzu ohitu.
Azazkalpean daukazun lurrak olibondoak elikatzen ditu hemen. Erori zinen belauna urratuz. Odol tanta hartan onura ikusi nuen. Beldur izan... beldurrik ez izan... gakoa ote? Kate arina da maitasun hau. Bihotza hutsik neukan geziak zeharkatu arte.
Hitz gabe
FRUITUA, 2012

Azti, zure eskuekin piztu duzu su ezohikoa. Kolore biziz argiztatzen gaitu. Ez du erretzen, ezin da ukitu. Ona, txarra uxatzen ditu. Hona etorri orduko bota duzun lurrin goxo horrek freskotasuna sentiarazi dit. Arinago horrelakorik sentitu gabe egon izan naiz ni. Azti, zeremoniaren hasieran gaudela diozu. Aurrerakoa gure esku omen dago. Gozamena, beldurra akaso. Ni prest nauzu, datorrena betor.
Maskaren dantza hasi den momentutik begiak suaz bete dira. Isilik geratu den orein buruak gorde du sekretu handiena. Sendoenaren ukabil kolpea ez da nahiko izan oraingoan. Sakon desio behar zer dagoen kristalaren beste aldean. Segituan ikusi duzu arerioa erortzear. Berez erori behar denari ez zaio bultza egin behar. Koblakariaren ahotan beti dago bere urregorrizko bihotza. Erdian geratzeko ohituragatik aldean du gezi punta. Nekagarria bihur liteke lerro artean ezin aurkitzea bereziki norberari zuzendua den zeregina. Urrunean bereiz liteke soslai ahaztezin hori. Aspalditik zain baldin bazaude beregana korrika egin.
Labirintoaren paretetatik gora igo gara eta, hemendik, begirada luzatuz ohartu naiz hiri bateko teilatuetan ere aurki daitekela zelai zati bat, non amodioak leku handirik ez duen behar. Igarri nezake zer esan nahi duen zure bizkarreko orban tatuatu horrek. Irla bat marrazten du, irla txiki bat, askotan ur gaziz estaltzen den arren badakit badela hor lur zati bat non amodioak leku handirik ez duen behar. Zaude adi ezkutuan ikur ugari baitago. Aurkitzen gara urraturiko mapa horretatik kanpo. Labirintoaren irteeran irakur daiteke, idatzia da bertan: Mundu zabalean egon badira bazterrak non amodioak leku handirik ez duen behar.
Arrosa bat ahoan, leunki zatoz, txalupak bezala kulunka eginez. Mamuen artean jaio ginen, pasa dira urteak. Umetan ez nizun azala ukitu. Izotzaren gainean irrista gaitezen. Itzalen artetik bidetxo bat ageri da biontzat.
Gerta liteke izpi berdez agurtu gaituela egunak. Beranduago ilargi betez joan zaigula aro bat. Batzutan sokaren puntak biltzen dira korapiloan. Hareazko mendi baten gainean kanta ta dantza biluzik. Kometak infinituaren ikurra eginez zerutik. Batzutan asmakizunak alde batean geratzen dira. Liburu zaharkituz beterik den armairua bultzatuko dut eror dadin guztiari buruz dakienaren gainera.
Zortedun dela aitortzen du, irribarrea du ahoan. Punta zorrozdun makilarekin joaten da paseoan. Ezagunak agurtzen ditu bekainekin keinu eginez. Txin-txin doinua entzuten zaio poltsikoetariko baten. Magoek atera ohi dute untxia kapelatik. Berak, arazo handiak badatoz, buelta ematen die beti. Zoriona hauskorra dela ondo daki aspalditik. Horrexegatik saiatzen da pitxar bat lez ertzean inoiz ez uzten. Gazte zelarik bazuen bai ekilibrista joera. Hala ere azpian sarea, bere bigarren ohea. Balantza baten jarri ezkero gogoa eta kemena tximeleta bat pausatuko zen gogoaren gainean.
Behin, udaberri zelarik aurkitu nuen erreka ondoan harri bat ta buru bat landu nuen berarekin. Zur eta lur geratu nintzen begiak ikustean, hain ziren zabal eta argi. Mundua osoki ikusten beti. Ez dio hitzik ta entzuten duela dirudi. Hain ziren zabal eta argi. Hain ziren bizi eta harri.
Porlanezko botak arrakaldu dira. Desira amorrua haginetan. Seigarren zentzua deitzen dute, niretzat badira beste hamaika ere. Izenez ezin zaitzaket deitu oraindik, hala ere, ondo dakit nor zaren. Senti zaitzaket hurbiltzen. Tximista sartu da egongelan, gauzak hankaz gora daude orain. Izenez ezin zaitzaket deitu oraindik, hala ere, ondo dakit nor zaren. Ikusi zaitut su hartzen. Izenez ezin zaitzaket deitu oraindik, hala ere, ondo dakit nor zaren. Ikusi zaitut iratzartzen.
Maleta egiterakoan bukatu dut segidan. Ortzi-muga amesten duenak gauza asko ez du behar. Uki nezake goxo-goxo eskuarekin ezereza. Leihatilak jaitsita ondo joaten da. Nire ondoan zoaz oinutsik lautadara begira. Betaurreko ilunak dituzu, kantu bat ezpainetan. Azken garaian izandako zalantzen idazkiak haizearekin dantzan dira, dantzan. Gasolineran lapurtu dut posta-txartel itsusi bat elkarri idatziko ez diogun eskutitza izango da. Ziurrenik bukatuko dugu hasierako puntuan, munduari buelta bat eman ostean.
Zilbor-hestea nork ebaki ote zion bizi zen jakin gabe. Bere uretako islada egun batez keinu egiten hasi zen.
-Ba al dut aita-amarik? Zein da nire izena? Zergatik zauritzen naiz? Ta zergatik senda?
-Nik, zure moduan, erantzunik ez daukat baina bai eskaintza bat: errekak dakarren luma hori har ezazu. Ba al zara idazteko gai?
-Ez dakit idazten. Jarriko dut buruan ta dantza egingo. Hori dakit ondo.
-Ez etsi laguntxo, itxoiten dakienak uzta asko dauka zain.
Hari bat nahikoa da. Harekin lotu daiteke hainbat gauza desberdin. Denak ez hala ere. Horma bat nahikoa da. Harekin bana daiteke hainbat mundu desberdin. Denak ez hala ere. Gogo handiz, indar berriz nator. Hemen naukazu. Esaten dutenez ez du merezi zeru bila ibiltzeak. Eguneroko gauza txikiek gorde dute handiena. Gaurkoan dena eman neinke, zinez diotsut. Gogo handiz, indar berriz nator. Hemen naukazu. Gaurkoan dena eman neinke, zinez diotzut. Gogo handiz, indar berriz nator hemen naukazu. Gehiegitan ez naiz izan norbait maitatzeaz hain ziur.
ESTANKONA, 2011

Idatzia ez dago ezer. Hori da titulua pertsonen bizitzako liburuan. Idatzia ez dago ezer. Esaldi berdin hori lehen lerroan, lehenbiziko parrafoan. Idatzia ez bada ezer inork ez dakigu zer etorriko den hurrengo orrialdeetan.
Qué bueno verte aun así, encendida y feliz. ¿Cuándo ha sido lógico el sentir? Si quieres la verdad, tengo una versión particular. Tengo un verso circular, regular, angular. Escucha de una vez, ya empieza a oscurecer: confundes demasiado tener miedo con correr.
Aurkitu al duzu inoiz zuhaitz preziatua? Dastatu al duzu inoiz ematen duen fruitua? Erre al duzu inoiz bide ertzeko lorea? Gauzak ikusteko era zeharo aldatzen da. Irri amaigabeak harrapatu al zaitu inoiz? Tripetako minekin arnasa ezin hartuz… Azkenean hori dira: une bereziak, taupada indartsuen bultzadatik sortuak. Non izango ote? Jakin nahi nuke. Iparraldetik hegoaldera iturri bera bilatzen da. Denok nahi dugu ur horretatik edan. Ez naizenez inoiz izan burdin soineko zale biluzik geratuko naiz jaio berrien pare. Jaiotzeko ere egon modu asko dago. Barruan aienea entzun al duzu inoiz? Non izango ote? Jakin nahi nuke. Ekialdetik mendebaldera iturri bera bilatzen da. Denok nahi dugu ur horretatik edan.
Gau luze bat bakerik gabe, txakur zaunkak ez ziren eten, haizea bortitz. Noiz arte iraungo zuen borroka bakarti hark nork jakin. Orduan agertu zineten gonbidatuz ostargira. Orduan iritsi zineten aingeru armatuak bezala. Okerrena igaro zen jada. Zapata egokiak hautatuz bide gurutzea gertu berriro. Geroztik txanponak jiraka dauzka bere alde biak: bizi ta herio. Hitz gabe geratu zara zortea alde dela ikusten. Hortz, aho bete hortz nago, zu bezalaxe. Heldu sendo eskutik, ez utzi beldurrak banatzen. Badakizu, tren horrek ez du luzaro itxaroten. Orduan agertu zineten gonbidatuz ostargira. Orduan iritsi zineten aingeru armatuak bezala. Okerrena igaro zen jada.
Ukimena, zentzu zintzoa, gidatu nazazu gau honetan. Laztanak eman ta jaso. Izar hura ere horrela dago: poz eta izu azalerazten. Batzutan belar izpiak ernetzen hasten dira lorontzietan. Horrelaxe nago ni orain: hor leku bat egin nahian.
Hortik al habil narrasti magikoa? Zulo bat gehiago egin diat gerrikoan. Ager desager argi itzal bat bezala. Bereiztu ezina argi itzal bat bezala.
Zaindariak itsutu zirenean gehiegirik ez zen pentsatu behar. Ihes, gaztelutik ihes. Zeharkatuz lurralde lehor horiek, hautsa astinduz eginez oihu ozen, beste behin, libre beste behin. Indartsu izan behar holakoetan ere. Mundu zabal bat irudikatu arren asmatu nahi dut hautatzen. Sentimendu hau behingoz manten dadin. Bihar ere bidea egon dadin.
Ortozik ibili zaitezke hemendik. Leku honetan ez du inork egin minik. Noizbehinka etzanda ondo egoten da baina ez lokartu, presaz zabiltza eta. Aurkitu behar duzu beste zerbait. Beste zerbait nahi duzu. Iturri bateko urari begira handinahiak kezkak aireratu dira. Gertu dagoena gauza handia dela ondo jakin arren beste zerbait nahi duzu.
Kontuz ze ate jotzen duzun lokatzetik irtetzean. Bukatzear den gidoiakin jarraitzen duzu, sorgin-orratz. Ez zara ona. Kolpeka zabiltzala dirudi. Zerk jartzen zaitu horren urduri?! Ez da berdin arima saldu edo norbaitek erosia izatea. Antza denez ekaitza pasako da. Hau guzti hau kontatzeko gai bazara ez da gutxi, ez dago gaizki. Damurik ez. Aitzakiek ere ez dute lekurik honaino heltzean.
Errakuntzaz bukatu zuen inozentziaren zelaietan. Eraikinik eutsi gabe zutabe handi batzuk zeuden. Halako baten harri batez bere izena urratu zuen. Ahaztezina da kateek erortzean egiten duten soinua. Zama erdiz errazago da hegan egiten amestea. Ta ia ohartu orduko iragana urrun dago. Horrelaxe nahi nuke izan, bizitzen jakin unean. Zein sotil biltzen diren iluntzea denean eguna ta gaua. Nork banatzen dituen jakiterik banu, agian horrela, jakingo nuke zerk lotzen nauen zugana hainbeste. Ta ia ohartu orduko iragana urrun dago. Horrelaxe nahi nuke izan. Aurkituko nauzu unean.

BIOGRAFIA

Aspalditik heldu zion musikari Estankonak. Oso ume zela biolina izan zen aukeratu zuen lehen musika tresna. Nerabezaroan aldaketa egin eta gitarra hartu zuen eskuetan. Aukeraz beteriko mundu bat aurkitu zuen orduan.

Zantzoa Arratiako Literatur Taldea izan zen berarengan eragin gehien izan zuen lehen talde sortzailea. 1996tik 1999ra poesia aldizkariak kaleratzeaz gain errezitaldi musikatuak eskaini zituzten.

Lehen rock talde egonkorra Iniezione izan zen. Musika instrumentala jotzen zuten. Etenaldi baten ostean beraien burua berrasmatu eta gertutasun gehiagoko musika egiten hasi ziren. Arean deitu zioten bandari garai berri honetan. 2004tik 2006ra bitartean bi disko kaleratu zituzten eta hainbat zuzeneko eskaini.

2010 urtean hasi zuen bere bakarlari ibilbidea Estankonak. Musikari desberdinek lagundu diote geroztik. Bere abestiak instrumentu desberdinez jantzi izan baditu ere, orokorrean, rock hirukotearen formazioa nagusitu da bere diskoetan eta zuzenekoetan.

Hiru dira argitaratu dituen diskoak orain arte: “Estankona (2011), “Fruitua” (2012) eta “Ardatza” (2015).

Urte hauetan ekimen askotan parte hartu izan du ere beste musikari, idazle eta poetekin batera. “Atera dena” (2008) eta “Lemoa, hauxe da gure kantua” (2016) diskoak horren adibide dira.

Garaian garaiko barne emozioei arreta jarriz eta garaian garaiko edertasunaren ideiak bultzatuta egiten du lan Estankonak.


KONTRATAZIOA, PRENTSA

borja@estankona.com

BANAKETA DIGITALA

Bandcamp, iTunes, Spotify, Amazon.

SARE SOZIALAK

Facebook, YouTube.